Jardunaldien barruan, euskara eta hizkuntza aniztasuna gaiaren inguruko mahai ingurua antolatu zuen Ikuspegik, eta bertan EMUNek parte hartu zuen Xabier Aierdi (EHU) eta Xabier Mendigurenekin (Euskal Herria Hamaika Kolore) batera.

Ikuspegik antolatutako III. Jardunaldiak kultura eta erlijio aniztasuna gaian zentratu diren arren, lehenengo eguneko arratsaldean hizkuntza aniztasunari eta euskarari tokia egin zioten.

Ikuspegia jardunaldiak

Erramun Osak gidatutako mahai inguruan, EMUNek euskarak jatorri ezberdinetako pertsonen artean joka dezaken zubi lana jarri zuen eztabaidaren erdigunean. Hainbat ideia eta egoera atera ziren bi orduko mahai inguruan zehar: Euskal Herrira bizitzera datozen askok euskara ez dutela ezagutu ere egiten, herri euskaldunetan ez dagoela etorkinen kontzentrazio handirik, edota batzuetan gurera bizitzera etorri direnei bertakoei baino gehiago ez ote diegun eskatzen.

Horrelakoen aurrean, EMUNek argi utzi zuen euskarak ez duela kentzen, euskarak beti ematen duela.  Izan ere, euskarak eskubide berdintasuna bermatzen du.  Xabier Mendigurenek harrerari eman zion lehentasuna, Euskal Herrira bizitzera datozenei harrera nork eta nola egiten zaien berebiziko garrantzia duela; izan ere, une horretan bertan gure hizkuntzaren berri ematea oinarrizkoa dela.

Eskubide berdintasuna bermatzeaz gain, euskarak badu gaitasun handi bat: zubi lana egiteko gaitasuna, jatorri ezberdinetako herritar guztien arteko zubi lana. Eta hori izan zen EMUNek defendatu zuena bi ordutan. Euskarari tokia egin behar zaion moduan, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntza guztiei tokia egin behar zaiela ere argudiatu zuen EMUNek, aitortza eta errekonozimenduaren bidez. Xabier Mendigurenek adibide bat baino gehiago jarri zituen hizkuntza aniztasuna eta euskararen zubi lanaren inguruan.

Ikuspegia jardunaldiak II

Xabier Aierdik, hausnarketa sakon baten beharraz mintzatu zen. Euskarak eta euskararen zubi lana izateko gaitasunak kontsentsua behar zuela adierazi zuen, eta hori izan daitekeela oinarrietako bat euskara immigrazioaren gaiarekin lotzeko.

Bukatzeko, hizkuntzen kudeaketaz ere hitz egin zen. Eta argi gelditu zen hizkuntzen kudeaketa beti egin izan dela. Batzuetan modu kontzientean eta gehienetan modu inkontzientean. Eta EMUNen ustez kudeaketa hori modu kontzientean egin behar da, euskara erdigunean kokatuz eta beste hizkuntza guztiak aitortuz.

Irakurtzen jarraitu...

Aste honetan, ostegunean eta ostiralean, Ikuspegik antolatuta, Immigrazioa eta Integrazioa EAEn III. jardunaldiak izango dira Bilbon. Egitarau osoa kontsultatu dezakezue euren webgunean.

Ostegunean, azaroak 14, arratsaldean Hizkuntza aniztasuna eta euskara izeneko mahai-ingurua izango da. Moderatzailea Erramun Osa izango da eta parte hartu dutenak hauek: Xabier Aierdi (EHUko irakaslea), Xabier Mendiguren (Hamaika Kolore) eta Olatz Irizar (Emun).

Irakurtzen jarraitu...

Hik Hasi aldizkarirako Emuneko Olatz Irizarrek goiko galdera horri emandako erantzuna.

Aniztasuna errealitate bat da, eskolan eta eguneroko bizitzan. Guztiok gara desberdin. Eta eskolak aniztasun hori jasotzeko gai izan behar du; eskolak ikasle bakoitzaren errealitatea kontuan hartu behar du; bakoitzaren beharrak eta gaitasunak egokitu behar ditu, eta ikasle bakoitzari lagundu behar dio. Eta horixe da eskolan eta bizitzan benetako berdintasunaren alde lana egiteko modu bakarra.  Izan ere, eskolan, eta bizitzan, ezin da inor alde batera utzi bere sexu, jatorri edota erlijioarengatik. Premisa hori erabat onartuta dago irakasleen artean, eta helburu horrekin egiten da lan Euskal Herriko eskola guztietan.

Euskal Herria askotarikoa dela behin eta berriro esaten dugu azkenaldian.  Egunerokotasunean aniztasuna kudeatzen dugun eragileok aniztasun horren onurak goraipatzen ditugu: aberastasuna da, aukera da, erronka da… Ez zaigu gustatzen gaiaren inguruan, gure inguruan hedatuak dauden oztopoen eta zurrumurruen inguruan hitz egitea. Eta hezkuntzan, gainera, aurretik aipatu dugun berdintasunaren aldeko lanarekin lotzen dugu aniztasuna ongi kudeatzea. Ikasle guztiak dira berdinak irakaslearentzat, ikasle bakoitzaren alde borrokatzen da irakaslea, guztiek dituztelako eskubide berak.

Herri eta eskoletan elkarbizitza egokia aurrera eramateko, hainbat jatorritako herritarren artean ikasteko eta bizitzeko eredu propioa sortu behar da: espazio komunak sortu behar dira, komunitateak irekitzen saiatu behar dugu …

2ea5a-letra

Kultura bakoitzak pentsatzeko, sentitzeko eta ekiteko modu desberdinak baditu ere, kulturartekotasunak desberdinen arteko elkar ulertzea ahalbidetzen du: elkar ezagutzeko, elkarrizketak izateko, gerturatzeko, elkarrenganako errespetua bultzatzeko, elkarri aitortzeko. Horixe da elkarbizitzarako bidea.

Baina, sarritan, onura izatetik oztopo izatera dagoen marra oso fina da, eta oso ahula. Eta, aniztasunaz ari garenean, marra hori oso kontuan hartu behar dugu. Izan ere, ezin ditugu ahaztu aniztasunak gizartean dituen etsai guztiak; eta ezin dugu beste alde batera begiratu eskola-komunitatean ere aniztasunak trabak ekartzen dituela esaten duten sinismenen aurrean.

Aniztasunaren aberastasunean sinetsi behar dugu, eta aniztasunak dituen etsaiak ezagutu egin behar ditugu, gure sinesmena sendotzeko. Bada antidoto on bat: hitz egitea, kezkak partekatzea, bizitakoak kontatzea…hausnartzea eta kontzientzia hartzea azken finean.

Egunerokotasunak jan egiten gaitu. Eta horrela izaten da eskola-komunitatean ere. Denbora gutxi uzten diogu patxadaz hitz egiteko aukerari, hausnartzeari. Biharko, edo atzoko, egin beharreko lanak lehentasuna izaten du beti hausnarketaren aurrean. Eta, oharkabean, hitz egin gabe, hausnartu gabe, aniztasuna kudeatzen ari gara. Eta oharkabean, aniztasunak ematen digun aberastasunarekin eta momentu onekin batera,  zalantzak, oztopoak eta arazoak pilatzen hasten gara.

Aniztasuna gure kaleetan sumatzen hasi garenerako, eskoletan aspaldiko gaia zen. Aniztasun hori kalean nabarmendu denerako, eskola-komunitateak bide luzea egin du aurretik.  Izan ere, ikasle bakoitza modu batekoa izan da betidanik, familia desberdinekoa, jatorri desberdinekoa, bakoitzak bere ideiekin… Ikasleak askotarikoak izan dira beti. Ez gaur, ez atzo, ez bihar, beti. Eta irakasleak aniztasuna kudeatzen ohituta daude. Hori da beraien eginbeharretako bat, eta gaur egungo aniztasuna kudeatzeko garaian, irakasleek balio erantsi handi bat dute: aurretik egindako lan guztia.

Hala ere, gaur egun, aniztasuna zabalagoa da. Ikasle bakoitzak pertsona bezala dituen ezaugarri bereziei beste mota bateko ezaugarriak ere gaineratu behar zaizkie: arraza, jatorri, erlijio, hizkuntza, adina… Eta, argi dago: egunerokotasuna kudeatzeko garaian, horrek guztiak eragina du.

Horren aurrean, egunero aniztasunak sortzen dizkigun erronkak gainditzeko, baliabideak behar dira. Eta baliabideak ez dira soilik ekonomikoak, baliabideak mota askotakoak izan daitezke, baina bada gai honetan asko lagunduko digun bat: kontzientzia hartzea. Gaiaren konplexutasuna, aberastasuna eta garrantziaren kontzientzia hartzea. Eta hori lortzeko bide ezberdinak daude. Eta horietako bat hausnarketa egitea da, hausnarketa kontzientea eta gidatua.

Gainera, ez dago itxaron beharrik eskolan Euskal Herritik kanpotik etorritako haurren kopurua hazi edo gehitu arte. Aniztasuna erronka bezala ikusi eta gaiari aurrea hartzen saiatu gaitezke, gero emaitza hobeak lortu ahal izateko eta irakasle nahiz ikasleak mundu anitz honetan elkarbizitzarako prestatzeko.

Iturria: www.morguefile.com

Aniztasuna eskolan: geldialdi txiki bat egin, hausnartu eta aurrera jarraitu

Ikastetxeetan aniztasuna lantzeko EMUNen esperientziak 3 ikastaro edo tailerretan oinarritu dira gehienbat: Aniztasuna aukera gisa, Harrera plana eskolan, eta Etorkinak eta euskara.

Hiru ikastaro horiek bi ezaugarri nagusi dituzte: alde batetik, praktikoak dira, saioetatik gure lanera, gure egunerokotasunera, ekintza batzuekin itzultzeko aukera ematen digu; eta, bestetik, hausnarketa kolektiboak dira.  Irakasleak elkartu, eta egunerokotasunetik pixka bat aldentzen dira, eta patxadaz hitz egiten da; hausnartu egiten da.

Aniztasuna aukera gisa.

Aurrera eramaten dugun tailer hau TELP  moduluan oinarrituta dago.  TELP saioetan, “hizkuntza- gatazka” lantzen da. Euskaraz bizi nahi eta ezin dutenentzako  tailerra da. Euskaraz bizitzeko hautua egin dutenentzako da TELP modulua, eta hori ahal den gehienetan gertatzeko, portaera asertiboaren bidetik joatea proposatzen dugu TELP saioetan. Saio horien arrakastetariko bat hizkuntza-gatazkako egoera baten aurrean nola jokatu erakustea da. Aniztasunaren gaian ere gatazkak sortu ohi dira; batzuetan gatazka horiek ikusi egiten dira, baina, askotan, gutako bakoitzak ditugun barne-gatazkak izan ohi dira. Aniztasunaren aurrean portaera bat eduki nahi dugu, baina aurretik ikasitako guztiaren edota gizartean ikusten ditugun jarreren eraginez,  kontraesanak sortu ohi zaizkigu. Modulu honetan, gure jarrera horien arrazoiak ikusiko ditugu, aurreko irakaspenen inguruan arituko gara, eta gaur egun, aniztasunaren aurrean dugun jarrera aztertuko dugu: nola pentsatzen dugun, zeintzuk diren gure aurreiritzi eta bizipenak, zein den eskolaren egoera…  Aniztasuna aukera gisa ulertzeko asertibitatearen bidea erabiliko dugu tailer honetan, baina TELP lantegiek badute funtsezkoa den alderdi bat: ohiko TELP modulua egiten dugunean, argi daukagu euskaraz bizi nahi dugula, gure hautua kontzientea da, bide horri ekin nahi diogu oztopo guztien gainetik.

Baina aniztasuna aukera bat dela ez dugu horren garbi ikusten. Ikasketa-prozesuan gaude oraindik eta, horregatik, lehenik eta behin gure jarrerak aztertzen ditugu. Aniztasuna aukera dela sinesteko hainbat diskurtso, erantzun eta baliabide eskaintzen dira modulu honetan zehar. Eta bada oinarrizkoa den zerbait: progresibotasun bat. Gauza guztietan bezala, beltzetik zurira ez da egun batean aldatzen, tartean grisak daude. Eta, gai honetan ere, argi ikusten da progresibotasunaren kontzeptua.

Harrera-plana.

Moduluaren izenburuak argi erakusten duen moduan, saio horietan harrera-plana lantzen dugu. Gaur egun, ikastetxe askok landuta daukate harrera-plana, baina beste askok ez dute harrera-plana inon esplizitaturik; egin egiten dute baina ez dute plana idatzia.  Kasu bakoitzera egokitzen dugu modulua. Ikastetxeak aurretik harrera-plana idatzia badu, moduluan zehar harrera-planari hobekuntza batzuk egiten dizkiogu. Eta idatzia ez badu, berriz, harrera-plana egiten dugu moduluan zehar.  Dena den, eskola bakoitzeko harrera-planean sartu aurretik, hainbat kontzeptu lantzen ditugu, migrazioen eta kulturen inguruko kontzeptuak batez ere.  Migrazioen arrazoiak, Euskal Herrian eman izan diren migrazio mugimendu ezberdinak, gizarte aldaketak… Kulturaren inguruan ere hitz egiten dugu, kultura zer den, zeintzuk diren ezaugarriak, euskal kultura….Argi gelditzen da saio guztietan euskarak eta euskal kulturak zubi lana egin dezaketela, eta eskoletan horretan ari direla. Kontzeptuak azaltzeaz gain, adibideak lantzen ditugu, eta eskola bakoitzean bertako adibideak ateratzen dira. Modu horretan, hausnarketa egiten dugu, hausnarketa konpartitua eta gidatua. Bi gai horiekin batera ikasle etorri berrien hizkuntza gutxituen gaia ere aipatzen dugu. Izan ere, ikasle etorri berri asko hizkuntza gutxituetatik datoz, eta ezaugarri honi ez diogu behar beste garrantzia ematen.  Ikasle etorri berrien hizkuntza gutxituen gaia harrera-planean txertatu izan dugu, modulua eman dugun ikastetxeetan. Ikasle etorri berrien familia batzuetan,  behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugun moduan, jatorrizko hizkuntza gutxitua alde batera utzi ohi da. Erabaki horrek kalte egiten dio ikasle etorri berriari; izan ere, jatorrizko ama hizkuntza ondo menperatzea behar-beharrezkoa da hizkuntza berriak ikasteko.  Gaia interesgarria da, eta garrantzitsua eta, horregatik, ikastetxetako harrera-planetan horri buruzko aipamena sartu ohi dugu.

Etorkinen jatorrizko hizkuntza eta HIPIen papera.

Modulu honen ardatza hizkuntzaren irakaspena da. Ikasle etorri berrien jatorrizko hizkuntzen gaian sartu aurretik, kokapena egiten da modulu honetan. Eta, kokapenean, oinarrizko kontzeptuak lantzen dira. Kulturartekotasun, migrazio, asimilazio, hizkuntza eta horrelako gaien inguruan hausnarketa egiten da, HIPIen zereginaren inguruan hitz egiten hasi aurretik.  Izan ere, HIPIek egunero-egunero bizi dituzte aniztasuna eta aniztasunaren erronkak bere lanean. Irakasle guztiek dute harremana aniztasunarekin, baina HIPIek lotura estuagoa izaten dute ikasle etorri berriekin. Hori dela eta, garrantzitsua da kontzeptu orokorren inguruko hausnarketa egitea, beraien funtzioen inguruan hitz egiten hasi aurretik. Sarreratxo horren ondoren, HIPIen funtzioen gaiari heltzen diogu. Beraien egiteko teorikoa zein den eta errealitatean zer egiten duten. Zentro bakoitzeko adibideei esker, asko aberasten da modulua. Eta adibide horien erabilera aurretik lantzen dugu.  Moduluaren bukaeran, bigarren edo hirugarren hizkuntzak ikasteko estrategiak lantzen dira.  Puntu horretan gaudenean, ikasle etorri berrien hizkuntza gutxituen gaia ateratzen da berriro ere. Izan ere, aurretik aipatu izan dugun bezala, bereziki garrantzitsua da gaia bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasteko unean. Estrategiak lantzearekin batera, ekintza-plana diseinatzen da, ikasle etorri berrientzat.

mano

EMUNeko dinamizatzaile edo aholkularia eskolara hurbiltzen da, han lantegoa emateko taldea osatuz gero. Hausnarketa eskola bereko irakasle eta profesionalen artean bideratzen bada, emaitza askoz aberatsagoa izan daiteke eta, horregatik, EMUNek aukera hori hobesten du.

Lantegi edo ikastaro horiek Irale programaren bidez ere ematen ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko eskoletan. Programa horrek, hizkuntzaren ikuspuntua du abiapuntu. EMUNek elkarbizitzarako bultzatutako lan ildoen abiapuntutzat euskara eta euskal kultura hartzea gomendatzen baitu, gainerako kultura eta hizkuntzekiko elkarbizitza egokia bilatuz. Alegia, euskara eta euskal kulturaren garapena bultzatuko da, kulturen arteko elkarbizitza erraztuz.

Ondorioak

Krisiaren testuinguru honetan, eta murrizketak hizpide bihurtu ditugunean, ezin dugu ahaztu baliabide ekonomikoez gain badirela beste mota batekoak ere. Hori esatean, ez dugu zalantzan jartzen mota guztietako baliabideak behar-beharrezkoak direla kalitatezko hezkuntza sistema bat izateko.

Baliabide horietako bat, hausnarketa egitea da, eta horixe da goian azaldutako lantegi edo ikastaroen bidez  EMUNek egiten duena. Noizbehinka egunerokotasunetik ateratzea komenigarria da. Bazter batean eseri eta aurretik buruan genituen kontzeptuei astindutxo bat ematea komeni da. Hori egin ondoren,  egindakoaz hitz egin behar dugu, ondo egindakoaz eta hobetzekoaz. Eta, horren ondoren, aurrera jarraitu behar dugu, irmo eta iparra galdu gabe. Eta aurrera egiten laguntzeko gure sinismenak eta tresnak sendotu behar ditugu.

EMUNen lantegi hauek bide hori egiten laguntzen dute. Aniztasuna kudeatzea ez da erraza, baina etorkizuneko belaunaldiak heztea erraza al da? Ilusioz betetako bide luze, zabal eta zail horretan, irakasleei laguntzen saiatzen da EMUN.

Amaitzeko, berriz aipatu nahi dut, EMUNek ematen dituen lantegi edo modulu hauek aniztasunaren bidean aurrera egiteko baliabide bat besterik ez direla, beste askoren artean. Eskoletara joaten garenean, oro har irakasle gehienek aurretik beste lan batzuk egin dituztela konturatzen gara, eta aurrera begira lan ildo berriak definitu ohi dira. Azken urteetan, hezkuntzako profesional askoren egunerokoan dago aniztasunaren kudeaketa.

EMUNen ekarpen xumea horixe izatea nahi dugu, hausnarketaren atea zabalduz eta lantegi horien bidez, aniztasuna kudeatzeko bidean jarraitzea. Eskola edo herri txiki baten leihotik, mundu oso baten aberastasun handia ikus daitekeelako.

Irakurtzen jarraitu...

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza berria jarri zuen martxan legegintzaldi honetan eta horren barne, Udalanitz sarea: GFA eta Gipuzkoako Udal ezberdinak koordinatzeko gunea hain zuzen.

DSC03398

 

 
Pasa den ostegunean, urtarrilaren 31an, Donostiako Aieteko Kultur Etxean gaiaren inguruko hausnarketa eta trebakuntza saio bat egin zen, eta lan horretan EMUN izan zuten bidelagun. Migrazioaren inguruan hausnarketa egitea zen helburua, aniztasunaren kontzeptua barneratuz. Gipuzkoako udal eta sail ezberdinetako teknikariak bildu ziren: migrazio teknikariak, ongizate sailekoak, erroldakoak, euskara eta kultur zerbitzuetakoak… Duela aste batzuk, politikari eta hautetsiekin ere egin zen antzeko saio bat.

Udalanitz

 

 
Markos Nanclaresek, GFAko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak eman zion hasiera trebakuntzari, gaiaren kokapena eginez.

Ondoren, EMUNeko Olatz Irizarrek lan dinamika gidatu zuen, aniztasun, migrazio eta lehen harreraren inguruko kontzeptuak azalduz eta parte hartzaileen taldekako hausnarketak dinamizatuz.

DSC03500
Besteak beste, udal langile eta ordezkari guztien sentsibilizazioa beharrezkoa dela aipatu da eta migrazio eta aniztasunaren inguruko gaiez hausnartzen segitzea garrantzitsua dela azpimarratu da. Dinamika asko egin dira eta ekarpen eta iritzi ugari azaleratu da saioan zehar.

Irakurtzen jarraitu...