Emunek Aretxabaletan herritarren elkarbizitza egokia sustatzeko plana egiten lagundu du. Hona hemen Goienakoek egindako kronika.

Aretxabaletako herritarren elkarbizitza egokia sustatzeko planaren oinarriak eta ildo nagusiak adosten ibili da Udala herritarrekin eta herriko eragileekin. Talde-dinamika bidez landu du gaia, eta prozesu eta dinamika guztia bideratzeko Emunen laguntza izan dute. Hiru saio egin dituzte eta eguaztenean bukatu zuten hausnarketaren ondorioak zehaztuta.

 

“Herriko elkarbizitzan eragin nahi da, herriko eta herritarren aniztasuna aukera eta aberastasun gisa ulertuta”, diote prozesua bideratu duten Emuneko ordezkariek, eta gaineratu: “Munduko hainbat herrialdetatik datozen pertsonak gero eta gehiago dira gurean ere, eta jatorri aniztasun horrek eragina du gure gizarte egituran. Hori jakinik, fenomeno hori behar bezala kudeatzea erronka bihurtu da Aretxabaletako Udalarentzat”.

Kultura eta jatorri ezberdinen arteko elkarbizitzarako urratsak emateko bidea herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egin gura du Udalak, euren ikuspegia ezagutu eta aurrera begirakoak adostasunean finkatzeko. Prozesu horretan, arlo desberdinetako eragileek jardun dute lanean; tartean daude: jatorri ezberdinetako aretxabaletarrak; ordezkari politikoak; eta erakunde eta elkarte ezberdinetako ordezkariak: guraso elkartekoak, Hiruatx GKE, euskaltegia, Loramendi, Basotxo, Huhezi… Horiek guztiek izan dute ekarpenak egiteko aukera.

Ekarpenak eta ondorioak

Lehenengo bi saioetan aniztasunaren gaia kokatu eta elkarbizitzarako akordioak landu zituzten. Hausnarketa horren ondoren, eguaztenean, elkarbizitza planerako ildo nagusiak adostu zituzten. “Saio horietan guztietan jasotako ekarpen eta ondorioekin ildo nagusiak izango ditu Udalak eskuartean, eta horren araberako urratsak emateko asmoa agertu du”, diote Emuneko kideek.

Irakurtzen jarraitu...

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza berria jarri zuen martxan legegintzaldi honetan eta horren barne, Udalanitz sarea: GFA eta Gipuzkoako Udal ezberdinak koordinatzeko gunea hain zuzen.

DSC03398

 

 
Pasa den ostegunean, urtarrilaren 31an, Donostiako Aieteko Kultur Etxean gaiaren inguruko hausnarketa eta trebakuntza saio bat egin zen, eta lan horretan EMUN izan zuten bidelagun. Migrazioaren inguruan hausnarketa egitea zen helburua, aniztasunaren kontzeptua barneratuz. Gipuzkoako udal eta sail ezberdinetako teknikariak bildu ziren: migrazio teknikariak, ongizate sailekoak, erroldakoak, euskara eta kultur zerbitzuetakoak… Duela aste batzuk, politikari eta hautetsiekin ere egin zen antzeko saio bat.

Udalanitz

 

 
Markos Nanclaresek, GFAko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak eman zion hasiera trebakuntzari, gaiaren kokapena eginez.

Ondoren, EMUNeko Olatz Irizarrek lan dinamika gidatu zuen, aniztasun, migrazio eta lehen harreraren inguruko kontzeptuak azalduz eta parte hartzaileen taldekako hausnarketak dinamizatuz.

DSC03500
Besteak beste, udal langile eta ordezkari guztien sentsibilizazioa beharrezkoa dela aipatu da eta migrazio eta aniztasunaren inguruko gaiez hausnartzen segitzea garrantzitsua dela azpimarratu da. Dinamika asko egin dira eta ekarpen eta iritzi ugari azaleratu da saioan zehar.

Irakurtzen jarraitu...