Jardunaldien barruan, euskara eta hizkuntza aniztasuna gaiaren inguruko mahai ingurua antolatu zuen Ikuspegik, eta bertan EMUNek parte hartu zuen Xabier Aierdi (EHU) eta Xabier Mendigurenekin (Euskal Herria Hamaika Kolore) batera.

Ikuspegik antolatutako III. Jardunaldiak kultura eta erlijio aniztasuna gaian zentratu diren arren, lehenengo eguneko arratsaldean hizkuntza aniztasunari eta euskarari tokia egin zioten.

Ikuspegia jardunaldiak

Erramun Osak gidatutako mahai inguruan, EMUNek euskarak jatorri ezberdinetako pertsonen artean joka dezaken zubi lana jarri zuen eztabaidaren erdigunean. Hainbat ideia eta egoera atera ziren bi orduko mahai inguruan zehar: Euskal Herrira bizitzera datozen askok euskara ez dutela ezagutu ere egiten, herri euskaldunetan ez dagoela etorkinen kontzentrazio handirik, edota batzuetan gurera bizitzera etorri direnei bertakoei baino gehiago ez ote diegun eskatzen.

Horrelakoen aurrean, EMUNek argi utzi zuen euskarak ez duela kentzen, euskarak beti ematen duela.  Izan ere, euskarak eskubide berdintasuna bermatzen du.  Xabier Mendigurenek harrerari eman zion lehentasuna, Euskal Herrira bizitzera datozenei harrera nork eta nola egiten zaien berebiziko garrantzia duela; izan ere, une horretan bertan gure hizkuntzaren berri ematea oinarrizkoa dela.

Eskubide berdintasuna bermatzeaz gain, euskarak badu gaitasun handi bat: zubi lana egiteko gaitasuna, jatorri ezberdinetako herritar guztien arteko zubi lana. Eta hori izan zen EMUNek defendatu zuena bi ordutan. Euskarari tokia egin behar zaion moduan, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntza guztiei tokia egin behar zaiela ere argudiatu zuen EMUNek, aitortza eta errekonozimenduaren bidez. Xabier Mendigurenek adibide bat baino gehiago jarri zituen hizkuntza aniztasuna eta euskararen zubi lanaren inguruan.

Ikuspegia jardunaldiak II

Xabier Aierdik, hausnarketa sakon baten beharraz mintzatu zen. Euskarak eta euskararen zubi lana izateko gaitasunak kontsentsua behar zuela adierazi zuen, eta hori izan daitekeela oinarrietako bat euskara immigrazioaren gaiarekin lotzeko.

Bukatzeko, hizkuntzen kudeaketaz ere hitz egin zen. Eta argi gelditu zen hizkuntzen kudeaketa beti egin izan dela. Batzuetan modu kontzientean eta gehienetan modu inkontzientean. Eta EMUNen ustez kudeaketa hori modu kontzientean egin behar da, euskara erdigunean kokatuz eta beste hizkuntza guztiak aitortuz.

Irakurtzen jarraitu...

Beste behin ere Katalunia aldera egiten dugu so blog honetatik. Oraingoan, hizkuntza harrera egiteko baliabideen bilatzaile batekin egin dugu topo eta zuengana hurbiltzeko asmoa dugu. Generalitateak martxan jarri duen bilatzailea da, hizkuntza harrera egiteko material guztien bilduma izan nahi duena. Gurean hizkuntza harrera egiteko ere baliabide dezente egon daitezke horien artean, ezta?

Cercador de recursos per a l’acolliment lingüístic

Irakurtzen jarraitu...

AISA on line ikastaroa martxan dago. Doakoa eta tutore barik. Etorkinak euskarara hurbiltzeko harrera-ikastaroa da AISA, tutorerik gabe oso oinarrizko euskara internet bidez ikasteko aukera ematen duena. Online funtzionatzen du eta doakoa da. Eta instrukzioak eta azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz daude.

Ikastaro honek 20 ikastunitate dauzka eta 60-80 ordu aurreikusi behar dira guztiak burutzeko. Ikastunitateko 5 ataza daude eta bakoitzak bosna ariketa ditu. Ikastunitate bakoitzeko azken atazak helburu ebaluatzailea du, ikastunitatean ikusitako hiztegi eta gramatika edukiak aztertzeko.

Ikastaroak protagonista batzuk ditu. Irakaslea Aitziber da eta etorkinak diren ikasleak ditu euskaltegian: Vasile, Errumaniakoa; Elena, Kolonbiakoa; Najat eta Yasmine Marokokoak; eta Guillaum, Frantziakoa. Berak emango dizkizu argibideak eta azalduko dizkizu ikastunitate bakoitzeko helburuak.

Irakurtzen jarraitu...

Datorren astean, hilak 16 eta hilak 17, Santiagon (Galizia) Acollendo en galego jardunaldiak egingo dira. Jardunaldi hauek ikastetxeetan hizkuntza normalizaziorako teknikari direnei begira egin dira. Hainbat hitzaldi eta esperientzia interesgarri aurkeztuko dituzte han.

Egitaraua

 

Irakurtzen jarraitu...