Udako etena eta gero, bloga martxan jartzen hasiko gara poliki-poliki. Udak berri asko ekarri dizkigu aurtengoan. Gure herrietako aniztasunean isla izango duten berriak dira; eta elkarbizita egoki baterako urratsak ematera behartuko gaituzten berriak…baina guzti horren gainetik, kontzeptu bakarra erabili daiteke aurtengo uda deskribatzeko orduan: tragedia.

Migrazio mugimenduak ez dira bapatean ematen, arrazoi bat egoten da beti horrelako mugimendu baten atzean. Aurtengoan, arrazoia garbia bezain gogorra da: gerra.

Hausnarketarako bideo bat jarriko dugu gaurkoan:

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Urriaren 4ean, goizeko 09:00etatik aurrera jardunaldi interesgarria egin zen Donostiako San Telmo museoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, “Harrera eta bizikidetza: eredu propioa eraikitzen” jardunaldia egin zen, Emun Kooperatibaren laguntzarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Migrazioa eta Aniztasuna zuzendaritza sortu zuenetik, udal mailan lanean dabiltzan teknikarien eta ordezkari politikoen trebakuntzan laguntzeko asmoa izan du.  Gipuzkoak eta Euskal Herriak harrera eredu propioa behar duela uste du Zuzendaritzak, eta hori lortzeko bidean trebakuntzari garrantzi berezia eman diote. Oraingoan, trebakuntzak jardunaldi formatua hartu du, beste herrialde batzuetan dauden esperientziak ezagutuz eredu propioa eraikitzeko.

Harrera ereduak jardunaldia

Beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutzea badu arriskua. Izan ere, askotan praktika onak “kopiatzeko” tentazioa izan ohi dugu. Hor nonbait ongi atera dena, gurera ekarri eta inplementatzeko joera izan ohi dugu. Eta horrek ez du beti emaitza onik ematen. Horregatik jardunaldian parte hartu zuten hizlari guztiek argi utzi zuten, testuinguru eta errealitate bakoitzak bere berezitasunak dituela.

Galiziatik eta Kataluniatik ekarri zituzten esperientziatik, eta bertako Lasarte-Oriakoa eta Pasaiakoarekin partekatu zituzten. Guztira 6 ponentzia izan ziren. Parte hartzaileek ponentzia bakoitzetik gako batzuk ateratzeko aukera izan zuen.

Xose Henrique Costas Vigoko etorkinen inguruan aritu zen; Vigoko etorkinen argazkia egin zigun, eta etorkin horiek galegoarekiko duten jarrera azaldu zuen.

Oloteko Elena Masanasek eta Rosario Manterok beraien eskualdean kokatu zuten ponentzia, Garrotxa eskualdean. Harreratik inklusiorako bidea azaldu zuten, eta gako garrantzitsua jarri zuten mahai gainean: sarean lana egitea; edota zeharlerrotasuna.

Harrera ereduak jardunaldia 2

Pasaiako alkatea Amaia Agirregabiriak, Pasaian bertan egindako bideo bat aurkeztu zuen; eta bertako teknikaria den Marian Suarezek Pasaiako lan lerro nagusiak laburbildu zituen. Politikarien, teknikarien eta gizarte zibilaren inplikazioa nahita nahiezkoa dela azpimarratu zuen.

Bernardo Penabade Lugoko Marinha eskualdean eskolatik lantzen duten harrera azaldu zuen. Burela eredua izenarekin Galizia osoan ezaguna egin den plangintza linguistikoaren inguruko eredua. Herri bakoitzaren hizkuntza eta etorri berrien arteko loturaren onurak erakutsi zituen Penabadek.

Josep Anton Fernandez Plataforma per la Llenguako kideak berriz, hizkuntza komunaren kontzeptua jarri zuen mahai gainean. Hiztun etorri berriak jasoko dituen hizkuntza komuna izan zen bere ponentziaren ardatza.

Harrera ereduak jardunaldia 3

Eta bukatzeko Lasarte-Oriako zinegotzia den Gorka Lizarragak aniztasunetik elkarbizitzara ponentzia eraman zuen aurrera. Lasarte-Oriak bere jatorritik immigrazioarekin izan duen harreman estua azaldu ondoren, gaur egun aniztasunaren kudeaketa nola egiten duten azaldu zuen, eta elkarbizitzarako bidean ematen ari diren urratsak.

Hemendik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emun Kooperatibaren laguntzarekin, jardunaldi horretako ondorioak landuko dituzte, trebakuntzarekin eta formakuntzarekin jarraitzeko asmoarekin.

Irakurtzen jarraitu...

Harrera eta bizikidetza jardunaldiak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Emun-en laguntzarekin. Jardunaldiak izango dira urriaren 4an, San Telmo museoan.

Harrera eta bizikidetza jardunaldiak

Egitaraua:

09:00: Hasiera. Marcos Nanclares, Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendariaren agurra.
09:15-9:45.- Galiziako esperientzia. Bernardo Penbade Rei. Marinha eskualdea. Burela Proiektua: Hezkuntza esparrutik udal esparrura.
09:45-10:15.- Kataluniako esperientzia. Elena Masanas Aleli. Garrotxa eskualdea. Harrera, jendarteratzeko eta gizarte kohesiorako planaren lehenengo fasea.
10:15–10:45.- Euskal Herriko esperientzia. Amaia Agirregabiria Alberdi, Pasaiako Alkatea. Aniztasunetik elkarbizitzara. Ikus-entzunezko proiekzioa.
Atsedena: 10:45-11:15
11:15-11:45.- Galiziako esperientzia. Xosé-Henrique Costas. Vigoko biztanle migratzaileak eta jarrera linguistikoak.
11:45-12:15.- Kataluniako esperientzia. Josep Anton Fernandez Montolí. Nola irabazi hiztun berriak katalanerako?
12:15-12:45.- Euskal Herriko esperientzia. Gorka Lizarraga Erro. Lasarte-Oriako Udala. Aniztasunetik elkarbizitzara.
Atsedena: 12:45-13:15
13:15-14:15. Talde dinamika
14:15: Amaiera

Izena ematea: Izena emateko udalanitz@gipuzkoa.net helbidera idatzi edo 943-112290 telefono zenbakira deitu; epea irailaren 27an bukatuko da. Jardunaldia doakoa da.

Informazio gehiagorako, Harrera eta bizikidetza jardunaldiak.

Irakurtzen jarraitu...

2013ko udan edo 2013-2014 ikasturtean IRALEn parte hartu nahi duzuen hezkuntzako profesionalontzako, izena emateko epea zabaldu da.

EMUNek hainbat ikastaro ematen ditu  IRALE programaren bidez, tailer praktiko formatuan. Horien artean aniztasuna, immigrazioa eta euskararen ingurukoak. 10 orduko ikastaroak dira eta H 411 multzoan sartzen dira:

  • Hizkuntza harrera nola egin: edukia eta sistematizazioa
  • Hizkuntza(k) eta etorkinak: etorkinen jatorrizko hizkuntza(k) eta HIPIen papera
  • Aniztasuna aukera gisa: elkarbizitza aniztasunetik

Informazio gehiago blog honetako Irale atalean

Taldea osatzeko gutxienekoa 8 pertsonakoa da eta taldea ikastetxe berean osatuko balitz, bertara joango da EMUNeko dinamizatzailea. Osatuko taldearekin adostuko dira egunak eta datak.

IRALEn parte hartzeko eskabidea egin ahal izango da:

  • online bidez edo Hezkuntza Ordezkaritzara joanda
  • apirilaren 11tik 25era (egun biak barne)

Ikastaro hauen inguruan informazio gehiago edo ezaugarriez hitz egin nahi izanez gero, idatzi immigrazioa@emun.com helbidera eta laster jarriko gara zurekin harremanetan.

Irakurtzen jarraitu...