Urriaren 4ean, goizeko 09:00etatik aurrera jardunaldi interesgarria egin zen Donostiako San Telmo museoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, “Harrera eta bizikidetza: eredu propioa eraikitzen” jardunaldia egin zen, Emun Kooperatibaren laguntzarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Migrazioa eta Aniztasuna zuzendaritza sortu zuenetik, udal mailan lanean dabiltzan teknikarien eta ordezkari politikoen trebakuntzan laguntzeko asmoa izan du.  Gipuzkoak eta Euskal Herriak harrera eredu propioa behar duela uste du Zuzendaritzak, eta hori lortzeko bidean trebakuntzari garrantzi berezia eman diote. Oraingoan, trebakuntzak jardunaldi formatua hartu du, beste herrialde batzuetan dauden esperientziak ezagutuz eredu propioa eraikitzeko.

Harrera ereduak jardunaldia

Beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutzea badu arriskua. Izan ere, askotan praktika onak “kopiatzeko” tentazioa izan ohi dugu. Hor nonbait ongi atera dena, gurera ekarri eta inplementatzeko joera izan ohi dugu. Eta horrek ez du beti emaitza onik ematen. Horregatik jardunaldian parte hartu zuten hizlari guztiek argi utzi zuten, testuinguru eta errealitate bakoitzak bere berezitasunak dituela.

Galiziatik eta Kataluniatik ekarri zituzten esperientziatik, eta bertako Lasarte-Oriakoa eta Pasaiakoarekin partekatu zituzten. Guztira 6 ponentzia izan ziren. Parte hartzaileek ponentzia bakoitzetik gako batzuk ateratzeko aukera izan zuen.

Xose Henrique Costas Vigoko etorkinen inguruan aritu zen; Vigoko etorkinen argazkia egin zigun, eta etorkin horiek galegoarekiko duten jarrera azaldu zuen.

Oloteko Elena Masanasek eta Rosario Manterok beraien eskualdean kokatu zuten ponentzia, Garrotxa eskualdean. Harreratik inklusiorako bidea azaldu zuten, eta gako garrantzitsua jarri zuten mahai gainean: sarean lana egitea; edota zeharlerrotasuna.

Harrera ereduak jardunaldia 2

Pasaiako alkatea Amaia Agirregabiriak, Pasaian bertan egindako bideo bat aurkeztu zuen; eta bertako teknikaria den Marian Suarezek Pasaiako lan lerro nagusiak laburbildu zituen. Politikarien, teknikarien eta gizarte zibilaren inplikazioa nahita nahiezkoa dela azpimarratu zuen.

Bernardo Penabade Lugoko Marinha eskualdean eskolatik lantzen duten harrera azaldu zuen. Burela eredua izenarekin Galizia osoan ezaguna egin den plangintza linguistikoaren inguruko eredua. Herri bakoitzaren hizkuntza eta etorri berrien arteko loturaren onurak erakutsi zituen Penabadek.

Josep Anton Fernandez Plataforma per la Llenguako kideak berriz, hizkuntza komunaren kontzeptua jarri zuen mahai gainean. Hiztun etorri berriak jasoko dituen hizkuntza komuna izan zen bere ponentziaren ardatza.

Harrera ereduak jardunaldia 3

Eta bukatzeko Lasarte-Oriako zinegotzia den Gorka Lizarragak aniztasunetik elkarbizitzara ponentzia eraman zuen aurrera. Lasarte-Oriak bere jatorritik immigrazioarekin izan duen harreman estua azaldu ondoren, gaur egun aniztasunaren kudeaketa nola egiten duten azaldu zuen, eta elkarbizitzarako bidean ematen ari diren urratsak.

Hemendik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emun Kooperatibaren laguntzarekin, jardunaldi horretako ondorioak landuko dituzte, trebakuntzarekin eta formakuntzarekin jarraitzeko asmoarekin.

Irakurtzen jarraitu...

Carballo A Coruñako herria da, 30.000 biztanle inguruko. Urtero antolatzen dute bertan Hizkuntza integraziorako tailerra carballotar berrientzat.

Aurten, carballotar berri horiei galiziera ikasi eta erabiltzeko motibazioez galdetu egin zaie. Eta hona emaitza:

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=3DJ87Hlqtpk]

Irakurtzen jarraitu...

Galiziatik kanpora datozen ikasleentzat hango gobernuak hiztegi bisual interaktiboa jarri du martxan, gaztelaniaz, galizieraz eta ingelesez.

Hiztegi horretan gairik gai aukeratu dezakezu hiztegia eta eszenatokia (arrandegia, ikasgela, mahaia edo beste edozein). Eszenatokia aukeratuta, bidaia hasten da eta galizieraz han agertzen direnak zelan esaten diren era erraz eta dibertigarrian ikasi.

Gainera, berritasunik ere badu hiztegiak: berbategi horrekin hizkuntza-ekintzak eta atazak egiteko aukera zabaldu berri dute.

Irakurtzen jarraitu...

Datorren astean, hilak 16 eta hilak 17, Santiagon (Galizia) Acollendo en galego jardunaldiak egingo dira. Jardunaldi hauek ikastetxeetan hizkuntza normalizaziorako teknikari direnei begira egin dira. Hainbat hitzaldi eta esperientzia interesgarri aurkeztuko dituzte han.

Egitaraua

 

Irakurtzen jarraitu...

Burela herrian (Lugoko Marinha eskualdea, kostaldean) orain dela urte batzuk interbentzio soziolinguistiko berezi samar batekin hasi ziren: Burela eredua deiturikoa.

Horren barruan dago Proxecto Neo. Burela herriko irratian astero saio bat egiten dute. Saio horietara neofalanteak gonbidatzen dituzte, hau da, nagusitan galiziera ikasi duten pertsonak. Horietatik gehienak, neofalanteak izateaz gain, etorri berriak ere badira. Eurek esaten duten bezala, gure lurraren adopziozko seme-alabak.

Irakurtzen jarraitu...