Hitzen uberan blogetik hartutako artikulua.

Gutxiago edo gehiago, ikusi ikusten ditugu. Baina eguneroko martxan ikusten ditugun etorkin horietatik guztietatik, zenbat ezagutzen ditugu? Zer dakigu haietaz? Herrimina sentitzen al du kanpotik gure artera etorri den horrek? Bete al dira bere ilusioak? Pozik bizi ote da gure artean? Galdera horiek pilatzen joan ziren Ainara Gorostitzu Mujikaren baitan. Eta hain zuzen, “galdera hauei erantzuteko aitzakia izan da liburua”, Aldamenekoa (Elkar) liburuaren aurkezpenean esan duenez.

Gure artera bizitzera etorri ziren hamaika pertsona elkarrizketatu ditu Ainara Gorostitzuk eta haien istorioekin osatzen da Aldamenekoa liburua.

Etorkinei entzutea izan da, hain zuzen, liburu hau egiteko arrazoia. Beraien atea jo zuen eta, kasu batzuetan, sukalderaino sartu zen. “Entzuten jartzea izan da kontua”, Ainara Gorostitzuk hedabideen aurrean aditzera eman duenez. Euren ahotik jasotako istorioak bildu ditu, beraz. “Beraien errealitatea, beraien nahiak eta ezinak, jatorrizko herriaz eta Euskal Herriaz, bidaiaz, etorkizunaz… Elkarrizketa horietatik sortu dira liburuko hamar idazlan hauek”, Ainararen hitzak dira hauek.

Hamaika izan daitezke arrazoiak. Badira arrazoi ekonomikoengatik hurbildu direnak. Badira maitasun arrazoiengatik etorri direnak. Arrazoi politikoek eraginda gure artean babes bila heldu direnak ez dira gutxi… Batzuk eta besteak, “bizi berri bat hasteko”, Ainarak berak zehaztu duenez.


“Istorio guztiak dira bereziak”

Arrazoiak, jatorria eta elkarrizketatu dituen pertsonen adinak diferenteak dira. Emigratzeko garaia ere ezberdina da. “Gauza gogorrak kontatzen dira bai, baina ez dira hamar tragedia, hamar epika, hamar heroi edo hamar istorio ezohiko. Uste dut entzuten jarrita, istorio guztiak direla bereziak. Haritik tira eginez gero, pertsona denetan agertzen dira gauza bereziak, interesgarriak eta ezohikoak”.


“Begiratzeko modua aldatu egiten da”

Elkarrizketatu bakoitzak bere egoera bizi du. Diasporaz mintzo da, esate baterako, liburuko protagonista batekin. Hemen aurkitu duenaz, espero zuenaz.

Senegaletik Europara bere ametsa betetzera etorri den mutil baten kasua ere jaso du.

Palestinako kartzelatik ihesi, bere jaioterria utzi behar izan zuen horrek ere badu bere tokia liburu honetan. “Gazakoa da hain zuzen, eta hogeitaka urte daramatza bueltatu ezinik”, Ainarak argitu duenez.

Liburu honek etorkinei begiratzeko modua aldatu diola aitortu du Ainarak, kazetarien aurrean egin duen agerraldian: “etorkin bati aurpegi bat, izen-abizenak eta bizitza bat jartzen dizkiozunean, begiratzeko modua aldatu egiten da. Etorkina izateari utzi eta pertsona bilakatzen da. Nire kasuan hala izan da. Ezberdin begiratzen diezu eta eurek ere ezberdin hartzen zaituzte zu”.

Irakurtzen jarraitu...