Azkoitiako udalak antolatuta, zurrumurruen kontrako tailerra egin zen. Maxixatzen webgunekoek elkarrizketa labur bezain mamitsua egin zioten Urrate Alberdiri, Azkoitiako aniztasun zinegotziari. Hona hemen elkarrizketa hura:

1. Zer helbururekin ekin dio Udaleko Aniztasun sailak zurrumurruen inguruko tailerrak antolatzeari?

Tailer hauek JATORRI ANITZ HERRI BAT lanketa horretan kokatu behar dira. Elkarbizitza hobetzea da helburua. Azkoitian jatorri ezberdinetako pertsonak bizi gara, eta DENOK GARA AZKOITIAR, eta denon artean eraiki behar dugu gure herria, kultur aniztasunak dakarren aberastasuna azaleratu eta aprobetxatuz. Hortik ari gara lanean aniztasun kontseiluan, eta bertan identifikatu zen herrian hainbat aurreiritzi zabaltzen ari zirela eta horri aurre egin behar geniola. Horretarako antolatu ditugu saio hauek SOS Arrazakeriakoekin.

2. Lehen saioak egin ondoren, helburu horiek betetzeko bidean direla iruditzen al zaizue? Zer dela eta?

Lehen saiora 42 pertsona inguru azaldu ginen, maiatzaren 7an. Agustin Unzurrunzagak zurrumurruak nondik datozen eta zergatik sortzen eta barneratzen diren azaldu zuen. Horrekin lotuta Europan hazten ari diren eskuin muturreko korronteak aztertu zituen. Gure asmoen barruan dago herrian talde bat eratzea etorkinen inguruan sortzen diren usteei aurre egiteko. Zurrumurruak elkarbizitzarako muga bat dira, ez digute uzten alboan duguna ezagutzen. Parte hartu zutenak kontutan hartuta, eta ikusirik herrian hainbat arlotan lanean dabilen jendea dela, uste dugu bide onetik goazela.

3. Aniztasunaren trataeran hizkuntza funtsezko osagaia izanik, hizkuntza irizpide jakinik izan al duzue kontuan tailerrak antolatzeko garaian?

Herrian dugun aniztasunaren inguruko lanketan garbi dugu euskarak komunikazio eta kohesio hizkuntza izan behar duela, hori baita herri gisa batzen gaituena. Hori horrela, tailerrak antolatzeko garaian euskara lehenestea izan da gure irizpidea eta ulermen arazoak izan ditzaketenei berariazko laguntza eskaintzea.

Irakurtzen jarraitu...

Pasa den astean ekarri genuen blogera Carballon galiziera ikasten ari ziren batzuen testigantza. Oraingoan, berriz, gurera gatoz.

Hainbat herritan kanpotik etorritakoak ari dira euskara ikasten: adibidez, Sakanan. Baina gaur arreta jarriko dugu Azkoitian. Zubigile bekari esker, bertan bizi diren bi pakistandar euskara klaseak jasotzen dituzte euskaltegian zein euskaltegitik kanpora. Esperientzia interesgarri honi buruz, gehiago jakiteko jo Argiak argitara eman zuen artikulu honetara: Tanveer eta Saifullah, Azkoitian euskara ikasten.

Irakurtzen jarraitu...

Azkoitiako Hitzatik hartutako kronika.

Etorkinen inguruan hitz egitean, jatorriaz aritzen gara, baina lanaren inguruan gutxitan hitz egiten dugu». Petra Elser Banaiz Bagarako dinamizatzailearen hitzak abiapuntu hartuta, hainbat lagunek lan munduko bizipenak trukatu zituzten larunbatean, Azkoitiko Elkargunean antolatutako Lan mundua-Lana munduan mahai-inguruan. Banaiz Bagara elkartearen Zubiak errotzen programaren barruan antolatutako Kultur Arteko Topaketara pertsona gutxi gerturatu bazen ere, egin zutenek jatorri askotako pertsonek hainbat herrialdetan bizitakoa ezagutu zuten.

David Ugowe jatorriz nigeriarra da, eta 1990eko hamarkadan Ingalatarrera joan zen lanera. Jatetxeetan eta beste hainbat lekutan garbitzaile gisa hasi zen beharrean, bertan egiten ari zen ikasketak ordaindu ahal izateko. Ondoren, Londresko administrazioan lan egiteari ekin zion, Espainiara joan aurretik. Hain zuzen, azken herrialdean ikasketei eta ezagutzari besteetan baino garrantzia handiagoa ematen diotela deritzo. «Badakit lan bat egiteko gai naizela, baina ez didate postua ematen, ez nagoelako horretan espezializatuta». Hain zuzen, Ugowek uste du «adimena» lantzeko gunea unibertsitatea dela. Halaber, Espainiako enpresetako lan taldeetan integratzea «zailagoa» egin zitzaiola nabarmendu zuen. «Etorkin batek taldean moldatzea ez du erraza; enpresa batzuk beldurra sentitzen dute, eta langileen artean lehia giroa somatzen da». Elserrek, berriz, Alemaniako lana egiteko kultura plazaratu zuen. Izatez hangoa da Azkoitiko bizilaguna. «Idazkari lanetan jardun nuen. Erraza zen lana utzi eta beste bat aurkitzea gero. Orain ohartu naiz esperientzia aberasgarriak izan zirela niretzat», aitortu zuen jendaurrean. Gizarte mugimenduetan militatzearekin uztartzen zituen lanok, eta horrek guztiak «ekintzailetasuna» lantzen lagundu zion. Oro har, herrialde horretako biztanleek euren lanarekin «identifikatuta» sentitzen direla jakinarazi zuen.  «Alemanian kultura zabalagoa dute, eta horrek bestelako emaitzak ditu lan munduan».

Bizi, «gaitasunak lantzeko»
Emun Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatibako kide Amaia Rodriguezek ere bere bizipenak kontatu zituen. Euskal Filologia ikasita, Irlandara joan zen lanera. «Bizirauteko lana izan zen hangoa», azaldu zuen. . Kafetegi batean aritu zela gogoratu zuen, baita «hasiera gogorra» izan zuela ere. «Euskal Herritik joandako asko zeuden bertan, eta haiek nahiz irlandarrek asko erraztu zidaten lana».

Bizipen horietatik jaso dituzten gaitasunak izan zituzten hizketagai, norberak bizitakoa gizartean «lagungarri» izan daitekeelakoan. «Kultura askotako pertsonek gizarte bakoitzean egin ditzakete ekarpenak». Hala nola, pobrezia bizi izan dutenek «biziraupenaren sena» garatuago dutela adierazi zuen Banaiz Bagarako kideak, eta horrek pertsona «indartsuagoa» bilakatzen duela gaineratu. Halaber, etorkinek «familiarekiko elkartasuna» eta «ekintzailetasuna» bezalako balioak garatuago izan ditzaketela uste du dinamizatzaileak.

Adibide zehatzak jarri zituen Elserrek. «Saltzaile ibiltariek gaitasun asko izaten dituzte: komunikazioa eta logistika landuta dituzte, eta seguruenik estresa errazago eramango dute. Saltzeko teknikak ere ondo ezagutzen dituzte». Pertsona batek lan askotarako «gaitasunak» dituela berretsi zuen Elserrek, «nahiz eta askotan ez jakin». Zentzu horretan, norberaren jarreraren garrantzia nabarmendu zuen. «Pertsonen gaitasunek eta esku hartzeak ikasketak baino gehiago balio dute».

Egun, askok Alemaniara jotzen dute lan bila. Eta han etorkinak lan munduan integratzeko «ohitura handiagoa» dagoela uste du Elserrek. Alemaniako enpresek herrialde askotako pertsonak kontratatzeko jardunaldiak egiten dituztela jakinarazi zuen, horrek sor ditzaketen «onurekin». «Jatorri askotako pertsonak elkartuz gero, sormena gehiago lantzen da taldean».

Euskara, normalizatu nahian
Rodriguezek, bere esperientzia kontatzeaz gain, euskararen lan munduko egoera nabarmendu zuen. Egun, euskara hutsean ikasita ere, lanean ez dagoela euskaraz jarduteko «ohiturarik» uste du, eta horren arrazoia euskara «normalizatu gabe» egotea dela dio Rodriguezek. Azkoitian, esaterako, biztanleen %86,3 euskaldunak dira. «Datu garrantzitsua da hori lana bilatzerako orduan, euskaraz jakitea beharrezkoa egingo zaiolako». Baina lanean«informalki» hizkuntza horretan aritu arren, dokumentuak eta funtzionamendu burokratikoa gaztelaniaz egiteko ohitura dagoela adierazi zuen. Hori ulertzeko, ordea, herritarrek bizi izan duten testuingurua hartu zuen kontuan hainbat lagunek.  «Gure ama hizkuntza euskara izan da, baina hezkuntza gaztelaniaz jaso dugu. Hortik abiatuta, normala da egoera hau». Lan munduan euskaraz funtzionatzeko Euskara Planak egiten ditu Emunek.

Irakurtzen jarraitu...